Erdi Aroko gizartea XIII. mendera arte
Erdi Aroa oso garai luzea izan zen. Izan ere, V.mendean hasi zen eta XV.mendean bukatu zen. Beraz, gutxigora behera mila urte iraundu zuen.
Egungo gizartearen antolamenduak ez dauka zerikusirik Erdi Aroko gizartearen antolamenduarekin. Gaur egungo gizartea diruaren arabera banatuta dago, baina, ondasunak izan zein ez izan, guztiok eskubide berberak ditugu. Erdi Aroan, ordea, ez zen horrela izaten, desberdintasunean oinarrituriko gizartea zen, pribilegioen araberako gizartea zen. Hau zela eta, piramidean aztertu genuen moduan, gizartea bi multzotan banatzen zen: pribilegiatuak eta ez-pribilegiatuak. Bi multzo hauek hiru talde edo estamentutan antolatuta zeuden. Lehenengo multzoan nobleak eta kleroa zeuden eta bigarrenean, aldiz, herritarrak.
1. estamentua: Nobleak
Haien eginkizuna gainerako biztanleak defendatzea zen. Izan ere, zaldunak ziren eta gazteluetan bizi ziren. Nobleen artean erregea boteretsuena zen. Are gehiago, agintari politiko nagusia zen. Nobleak jaurrerriko lur jabeak ziren, eta ez zuten zergarik ordaintzen. Herritarrei askotariko zergak kobratzen zizkieten: errota erabiltzeagatik, zubia zeharkatzeagatik etab. Horiez gain, lortzen zuten guztiaren zati bat eman behar zieten nobleei, ohikoena produktuen bidez ordaintzea zen, batez ere lurrak edo animaliek ematen zituzten produktuen bidez. Zergak eta gudei esker eskuratzen zituzten lurrak ziren nobleen bizi-baliabideak eta oso bizimodu erosoa zuten. Bake garaietan, ehizan eta torneoetan parte hartzen aritzen ziren.
2. estamentua: Kleroa (fraideak, mojak, apaizak, gotzaiak eta, guztien gainetik, Aita Santua)
Erdi Aroan erlijioak bizitzako alderdi guztiak baldintzatzen zituen. Hau zela eta, Eliza Katolikoa oso garrantzitsua zen. Fraideak eta mojak monasterioetan bizi ziren eta, nobleek bezala, pribilegioak eta lurrak zituzten. Gainera, nekazariek lortzen zuten uztaren eta lan guztien hamarrena jasotzen zuten. Garai hartako kultura fraideen eskuetan zegoen, egunero ordu asko irakurriz, idatziz edota kopiatuz ematen baitzuten. Monasterioetako beste eginkizun batzuk otoitz egitea , eskulanak egitea eta atsedena izatea izaten ziren.
3. estamentua: Herritarrak
Garai hartako gizon-emakume gehienak nekazariak ziren. Libreak izan ahal ziren, baina ia denak jopuak ziren eta jauntxo baten edo monasterio bateko lurrak lantzen zituzten. Batzuek, jopuek , lur horiek uzteko baimenik ez zuten. Pezozko etxeetan bizi ziren, lastozko, harri txikiz eta lokatzez egindako etxe xumetan. Oso bizimodu latza zuten: egun osoan lan egin behar zuten; jateko gutxi zuten; garbitasun faltak gaixotasun ugari eragiten zituen, eta, ondorioz, hilkortasun handia izaten zen. Izan ere, bizi itxaropena baxua zen, 40 urte ingurukoa, alegia.
oso ona iruditu zait: egun osoan egiteko.
ResponderEliminar